Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi

Programa de la Unión Europea

para la cultura y los sectores creativos

Noticias

17/Sep/2020

Pablo Iraola: "Azken urteotan asko hazi dira euskal ekoiztetxeak"

Pablo Iraola zinema- eta telebista-edukien ekoizle ospetsuak nazioarteko bokazioa duten zinema-proiektuetarako aholkularitzan izan duen parte-hartzeaz hitz egingo digu. Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik, Donostiako Zinemaldiarekin batera, antolatu zuen ekimen hori ekainean, garapen-fasean edo aurre-produkzioan dauden film luzeak eskuartean dituzten ekoizleei laguntzeko.

Nolakoa izan zen zure parte-hartzea aholkularitza-jardunaldietan?

Oso pozik bukatu nuen. Hasiera batean jakin nahi genuen zenbat euskal zuzendarik parte hartu nahiko luketen ikastaroan eta, azkenean, 12 pertsonak eman zuten izena. Ideia sei proiektu aukeratzea zen, baina, sortutako interesa ikusita, bederatzirekin lan egin ote nezakeen galdetu zidaten. Baiezkoa eman nien, eta, gero, hautatu gabeko lanen arduradunekin ere harremanetan jarri nintzen. Aholkularitza-saioak bi orduko bilerak izan ziren, eta proiektuak artistikoki, teknikoki... aztertzen genituen. Gainerakoekin telefonoz hitz egin nuen gutxienez, nola edo hala laguntzen saiatzeko.

Zertan zetzan tailerra?

Egitasmoaren xedea proiektuak ahalik eta hoberen egituratzea zen nazioarteko koprodukziora bideratzeko a. Garrantzitsua da jakitea nora joan gaitezkeen bazkide bila, baita interesa izan dezaketen eragileak ezagutzea ere. Halaber, proiektuak aukeragarri izateko zer ezaugarri izan beharko lituzkeen aztertu genuen, eta aurkeztutako proposamenen puntu ahulenak zein indartsuenak ere behatu genituen. Horregatik, proiektuen informazio guztia aurretik jaso nuen, banan bana aztertu eta bilera aproposak prestatu ahal izateko.

Nola antolatu ziren saioak?

Hori proiektu bakoitzaren araberakoa zen. Aurretik aztertu nituenez, bilera bakoitza desberdina zen, gehien landu zitezkeen alderdiak jorratzen genituelako. Alde handia zegoen, halaber, aurrez aurre egindako bileren eta online egindakoen artean. Presentzialetan dena arinagoa zen. Zoom plataformaren bidez egindako bilerak, nire ustez, inpertsonalagoak dira. Kontaktua, solasaldi espontaneoak... asko galtzen dira, eta beste lotura mota bat sortzen da.

Zer lan-mota aurkitu zenituen?

Baziren koprodukzio argiagoak eta beste batzuk zailagoak. Proiektu bakoitza mundu bat da; elkarren artean guztiz desberdinak dira. Baziren proposamen sinpleagoak, edo intimoagoak,  eta beste batzuek asmo handiagoak zituzten. Jakina, jendearen esperientzia-maila ere desberdina zen. Gauza berriak egiteko eta Euskal Herritik ateratzeko interes handia dagoela nabaritu nuen. Zenbait dokumentalek Euskal Herriari buruzko gaiak jorratzen dituzte, eta horrek gehiago mugatzen ditu nazioarteko interes mailan, gai oso ezaguna ez bada behintzat. Egia esan, mota askotariko lanak aurkitu nituen.

Nola ikusten duzu euskal ikus-entzunezkoen sektorearen maila?

Nik uste dut euskal telebista publikoak eragin handia duela lan askotan, proiektu asko finantzatzen baititu. Eta, bestalde, euskarak asko mugatzen du, non eta ez diren kanpoko gai ezagunenak kontatzen. Nazioarteko gaiak lantzeko gero eta interes handiagoa dagoela uste dut. Gakoa da hori nola txertatu erkidegoko politikan, non, jakina, bertako kulturari buruzko proiektuek indar gehiago duten, eskualdeko telebisten interesa ez baitago nahitaez nazioartekotzera bideratuta. Beste hautaketa-politika bat dute. Ez da ez hobea, ez okerragoa, desberdina baizik, bertako gaietara bideratuagoa.

Nola jakin proiektu bat nazioartera eraman daitekeen?

Ez dago eskulibururik. Horixe nahi luke zinemako edo edukietako ekoizle orok: formula magikoa aurkitu. Nik 20 urte baino gehiago daramatzat lanean mundu honetan, 50/60 eduki egin ditut film labur, luze eta telesailen artean, eta ez dut ezagutzen.

Zer aholku eman zenizkien?

Nazioartekotze-kasu batzuk argiagoak izan ziren. Adibidez, Frantziarekin mugaz gaindiko bidaiekin zerikusia zuten proiektuak zeuden, eta kasu horretan koprodukzioa askoz errazagoa da. Baina beste batzuk oso zailak ziren: herrialde batzuetako telebista-kateetan bazkide egokia bilatu behar zuten, haien kulturatik kanpoko gauza exotikoekiko zaletasuna duten herrialdeetara jo. Eskandinaviarrek, adibidez, tradizioa dute haiek filmatu ez dituzten gauzak produzitzen. Ikus-entzunezkoan kasu bakoitza aztertu behar da, beharrak desberdinak baitira.

Zein da ikastaroaren balantze orokorra?

Uste dut lan batzuk oso ondo aurkeztuta zeudela eta nazioartean aukera asko dituztela. Nire ustez, euskal produkzio-etxeek azken urteotan industria garatu dute maila handiko jendearekin, eta asko hazi dira.

Maila pertsonalean, zer proiektutan ari zara lanean orain?

Telebista publikorako telesail baten seigarren filmazio-astean nago, eta orain Veneziako Jaialditik nator; Frantziarekin, Alemaniarekin eta Palestinarekin koproduzitu dugun film batekin joan gara bertara. Iaz filmatu genituen bi dokumentalen eta bi fikzioren postprodukzioarekin ere banago. Bestalde, 2021erako telebista publikorako 10 ataleko serie bat prestatzen ari naiz, eta bi film ere baditut. Zorionez, datozen bi urteetarako proiektu asko ditugu.

Nola eragin dizue COVID-19ak?

Asko eragin digu, denei bezala. Protokoloak sortu behar dira, dena garestitu da, diru asko gastatu behar izan dugu... Espazio guztiak etengabe higienizatu behar dira. Produktuak eta  maskarak erosi, mundu guztia horiekin lan egitera ohitu... Adibidez, aktoreen arteko agerraldiak ezin dira oso intimoak izan, faltsutu egin behar ditugu... Denetara egokitu behar gara, baina denok egin behar izan dugu. Berriro hasi behar gara, ezin gara gelditu.

Volver